Euskararen Etxea
 

Euskararen Etxea
 

DESKRIPZIOA

 


Euskararen Etxean baitan dagoen Euskararen Interpretazio Zentroak (EIZ) euskararen bizi indarra eta aniztasuna transmititu nahi ditu. Era berean, norberaren inplikazioa aldarrikatzen du, norberak euskarari gehitu egiten baitio. Finean, euskararen askotariko izaerak batu egiten gaitu. Bertan, zentzumenetan oinarritutako bisita ludiko eta zehatza eskainiko zaie bisitariei; hau da, bisita esperientzial eta ludiko batetik abiatuta, bisitariak euskararen izaera poliedrikoan murgilduko dira.

Erakusketak hainbat atal ditu. Euskararen egunez eguneko egoeraz ohartarazten gaituen datu-basea, euskararen historia begiratua, euskal hitzekin jolasteko aukera, haren transmisioa eta aniztasuna ezagutzeko ahots ikus entzuteko kanpaiak, etorkizunerako erronkak, euskal kulturaren aberastasun eta kalitatea. Halaber, euskara balore positiboi lotuta dagoenez, erakusketak ere horrelakoa izan nahi du, baikorra, abegikorra, zabala.

Euskararen Etxea Bilboko San Ignazio auzoan dago, eta 2004an sortu zen Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren ondorioz. Egun, Azkue Fundazioak kudeatzen du.

Euskararen Etxeak erreferentzia izan nahi du euskal eragileentzat eta euskal jendartearentzat. Horretarako, hainbat zerbitzu eta bitarteko eskaintzen ditu: Euskararen Interpretazio Zentroa, Aretoen lagapena eta Lantoki Koperatiboa.

KOKALEKUA

 


– Helbidea
Agotiz Plaza, 1 – Bilbao 48015

– Ordutegia

Astelehenetik ostiralera: 10:00 –19:00
Larunbatetan: 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 19:00
Igande eta jaiegunetan itxita dago.

– Telefonoa
944028081

– E-mail-a:
info@euskararenetxea.eus

– Webgunea:  www.euskararenetxea.eus

– Tarifa:
Doan

– Zerbitzu osagarriak:

“Hostopostoak” familia-programa: Lau eta hamar bitarteko umeekin etortzeko proposamen dibertigarri bezain hezigarria da “Hostopostoak”. Ekimenaren helburua euskaraz eta familian jolastea da. Horretarako, mahai-jolas erraldoi batez baliatuko gara. Gauza berriak ikasi, jende berria ezagutu eta euskarara gehiago gerturatzeko aukera bikaina da hau.

“Euskal Alien Nazioa” ihes gela: “Euskal Alien Nazioa” ihes-gelan euskarari lotutako zientzia fikziozko misterioa askatu beharko duzue aretotik atera ahal izateko. Erronkari heltzeko prest?

“Hi(ZKI)bridoak” kultur egitaraua: Hi(ZKI)bridoak literaturaren eta ahozkotasunaren arteko zuzeneko ekitaldiakl dira. Letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak. Emaitza literatura mutanteak dira, zentzu zabalenean.

JARDUERAK

 


Hizkuntzak eragile ekonomikoak dira, baita bakerako eta gizarte-kohesiorako funtsezko faktoreak ere, eta, azken batean, giza eskubideei lotutako gaia dira. Horregatik guztiagatik, garapen jasagarriak kontuan izan behar ditu hizkuntzak. Euskal Herrian, nabarmena da hizkuntzek eta kulturek garrantzia handia dutela komunitateen garapenean.

Beraz, agerian utzi behar dugu gizakiaren eta bere hizkuntzaren arteko lotura eta elementu horiek komunitateen garapen integralean duten garrantzia.

“Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen” erakusketa
Deskribapena: Erakusketak bi kontu jakinaraztea du helburutzat. Batetik, kooperazio linguistikoa nola ulertzen dugun adieraztea, zein balio, zein garrantzia eta zein aukera dituen. Bestetik, isilarazitako herri indigenetara hurreratzea, euren sentipenak eta sentiberatasunak ezagutu ditzagun.
Datak eta ordutegia:
Maiatzaren 18tik ekainaren 1era
Astelehenetik ostiralera: 10:00 –19:00
Larunbatetan:10:00 – 14:00 eta 16:00 – 19:00
Tarifak: Dohainik.
Zelan eman izena? info@euskararenetxea.eus / 94 402 80 81
Informazio gehiagorako: www.euskararenetxea.eus